EZOHIKO PROIEKTUA


“Looking for Mister X” filma egin dugunok EHU-ko Ikus-entzuneko Komunikazioko lizentziatu berriak gara. Laburmetraia hau, Iñigo Aranbarri, Olatz Arriola-Bengoa, Kimetz Blanco, Julene Larrañaga, Txaber Larreategi eta Josu Martinezen karrera bukaerako lana da, jatorrian.


Eta” jatorrian” diogu, hasiera hasieratik, akademikoki eskatzen zitzaiguna baino haratago joaten saiatu garelako lan honekin. Josu Martinez eta Txaber Larreategik aspalditik zuten ideia batetik abiatuta, unibertsitateak eskatzen eta eskaintzen ez zizkigun aukerak bilatu ditugu kanpoan eta erabateko auzolanean garatu dugu proiektu osoa, hainbat adiskideren laguntzarekin.


Errodaia osoa eta geure arteko harreman guziak euskaraz garatu baziren ere, filmean gaztelaniak euskarak baino presentzia handixeagoa dauka, izan ere, Ander Lipusen pertsonaiak euskaraz egin arren, espainiar poliziak espainolez mintzatzen dira. Honen arrazoia argumentala da: Porrotxek jokatzen duen pertsonaiak (Euskaltegian ikasten eduki duten polizia) bakarrik jakin behar zuen euskara, espainolen artetik. Edozein kasutan, gaztelaniaz diren parte guziak euskarara azpititulaturik daude.


Talde lana izaki erabakiak guzion artean hartu arren, proiektuan lagun bakoitzak paper bat ukan du. Hala, gidoia eta zuzendaritza Josu Martinez eta Txaber Larretegik hartu dute bere gain. Bi kide hauek, Saturraraneko Emakume Kartzelaren inguruko dokumental batean murgilduta daude momentu honetan Tentazioa, Moztu eta Rec produkzio etxeen eskutik. Josu, bestalde, GALek hildako Mikel Goikoetxea “Txapela” etakideari buruzko “Haize berrien bila” dokumentala burutzen ari da, GITE-IPESen beka bati esker eta ETB-ko Martin telesaileko gidoilaria da.


Argazki Zuzendaritzaz Iñigo Aranbarri eta Julene Larrañaga arduratu dira, Arte zuzendaritzaz Olatz Arriola Bengoa, eta soinuaz, Kimetz Blanco eta Jon Olabarriaga. Musika orijinala, Txaber Fernandez adiskideak egin du.

No comments: